ZORIONAK MARIE DE JONHG ETA KUKAI TALDEEI. BRAVO!!!

Dantza talde onenaren Max saria eraman du ostera ere Kukai dantza konpainiak, eta dantza ikuskizun onenaren saria bereganatu du haren Oskara ikuskizunak. Denbora luzez ondutako eta probatutako lanaren emaitza da dantza ikusgarria. Kukaikoek La Veronal konpainia eta Marcos Moraurengana jo zuten, haien hitzetan "bi unibertso koreografiko ezberdin" direnak biltzeko esperimentua abiatzeko. Euskal Herriko tradiziotik abiatuta, abangoardiako sortzaileen ikuspegira gerturatu dira. Eta Max sarietako protagonista bihurtu ditu lan horrek, dantza ataleko bi sari nagusiak eskuratuta.

Jon Maya ez ezik, Oskara-ko talde gehiena izan da saria jasotzen, Valentziako Palau de les Arts antzokian (Herrialde Katalanak); hunkituta eta pozik jaso dute saria. Gaur egun euskaraz kultura sortzea posible egin zutenen "borroka" gogora ekarri du Mayak, eta gonbidapena luzatu: "Egizue dantzan, dantzatzen duen herria ez baita inoiz hilko. Gora herria!".

2016. urte hasieran estreinatu zuten Oskara, eta Huescako (Espainia) Antzerki eta Dantza topaketetan sari bat ere bildu du harrezkero konpainiak. Kukai dantza taldeak 2015ean ere irabazi zuen dantza talde onenaren Max saria, eta 2009an, errebelazio saria, Tanttakarekin ondutako Hnuy Illa obrarengatik.

Sarietarako hautagai nagusietako bat zen Oskara, zazpi izendapen bai baitzituen. Horietatik, dantzaren ataleko bi sari nagusietakoak irabazi ditu: talde onenarena, eta ikuskizun onenarena. Ez dira sari bakarrak izan, ordea: jantzien diseinu onenaren saria irabazi du Iraia Oiartzabalek, Oskara-rentzat egindako lanarengatik. Donostian joskintza tailer bat ireki zuen Oiartzabalek 2011n, eta harrezkero jantziak neurrira egitea du ofizioa.

Izendapen gehiago bazituen Oskara-k —espazio eszenikoaren antolaketa onenarena, Marcos Morauk; argiztapen onenarena, David Bernuesek; dantzari onenarena, Martxel Rodriguezek; eta produkzio pribatu onenarena—, baina zazpi izendapenetatik hiru jaso ditu azkenean.

Marie de Jongh ere, nagusi

Kukairena ez da izan Max sariekin goratutako euskal artisten obra bakarra. Marie de Jongh konpainiaren Amour lanak jaso du umeentzako edo familientzako ikuskizun onenaren saria. 2008an sortu zuten taldea, eta Jokin Oregi zuzendariaren aginduetara aritzen da. Hitzik gabeko ikuskizunak sortu ohi ditu, ororentzako hizkuntza baten bila. Feten eta Ercilla sariak ere jasoak ditu, lehenagotik, Amour ikuskizunak.

Jokin Oregi bera ere (Soraluze, Gipuzkoa, 1970) izendatuen artean zegoen, eszena zuzendaritza onenaren sarietan. Ez du sari hori irabazi, ordea. Garbiñe Insausti aktoreak (Hernani, Gipuzkoa, 1981), berriz, emakumezko aktore onenaren saria jasotzeko aukera zuen, baina Nuria Menciari eman diote azkenean.

Aldiz, Ainhoa Santamaria aktoreak (Gasteiz, 1980) bai irabazi du izendatua zegoen sailekoa: La estupidez obran, taldeko emakumezko aktore onena bera izan dela erabaki du epaimahaiak. Gazterik antzerkia ikastera kanpora joan, eta ibilbide luzea egin du Santamariak antzerkian, baita telebistan ere.

Espainiako Fundacion SGAE egileen elkarteak antolatzen ditu Max sariak, eta aldarrirako ere erabili du ekitaldia. Ines Paredes fundazioko presidenteak salatu du elkartean izena emana duten egile guztietatik %15 baizik ez direla bizi beren obretatik, eta sortzaileek eta kulturgileek bizi duten "prekaritatea" salatu du.

http://www.berria.eus/albisteak/135551/039oskara039_k_dantza_ikuskizun_onenaren_max_saria_jaso_du_eta_kukaik_talde_onenarena.htm